XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Edo bestela, norbaitek onar baleza substantzia bat sortu dela, onar lezake orobat ideia makur bat zuzena bilakatu dela; baina zentzugabekeria handiagorik ez daiteke asma.

Horra zergatik aitortu behar dugun, baitezpada, substantziaren existentzia, haren esentzia bezala, betiereko egia dela. Eta, horrela, beste bide batetik datorkigu izaera bereko substantzia bakar bat baizik ez daitekeela izan. Eta iduritzen zait merezi zuela horrek hemen erakustea.

Gauzak ordenatuki egitekotan, ordea, kontutan hartu behar ditugu puntu hauek:

I. Gauza bakoitzaren definizio egiazkoak ez du deus barne hartzen ez adierazten, definitzen den gauzaren izaera baizik.

II. Eta, beraz, definizio bihi batek ez du barne hartzen ez adierazten nehongo banako kopuru zehatzik, zeren ez baitu adierazten definitzen duen gauzaren izaera baizik. Adibidez, triangeluaren definizioak ez du adierazten triangeluaren izaera soila baizik; eta ez batere triangeluen edozein zenbaki zehatzik.

III. Ohartu behar da, existitzen den gauza bakoitzarentzat, horren existitzeko kausa zehatz zerbait, baitezpada, badela.

IV. Azkenean, ohartu behar da gauza baten existitzeko kausa aurkitu behar dela edo existitzen den gauzaren definizioaren eta haren izaeraren baitan (orduan alabaina haren izaerari berari dagokio existitzea) edo hartarik landa.

Horiek horrela, hortik dator, banako kopuru jakin bat aurkitzen baldin bada Izadian, banako kopuru horren, ez gehiagoren ez gutiagoren, existitzeko zerbait kausa baitezpada izan behar dela.

Adibidez, hogei gizaki aurkitzen badira Izadian (argiago egiteagatik demagun guziak batean existitzen direla eta haiek baino lehen ez dela besterik existitu Izadian), ez da nahikoa (20 gizaki horien existentziaren kontu emateko) giza izaeraren kausa orokorki erakustea.

Erakutsi beharko da, gainera, zer kausarengatik 20 diren existitzen eta ez gehiago ez gutiago. Zeren eta (3. ohar. arab.) bakoitzak izan behar du baitezpada bere existitzeko kausa. Kausa hori, ordea, (2. eta 3. ohar. arab.) ez da aurkitzen ahal giza izaeraren beraren baitan, gizakiaren definizio egiazkoak ez baitu hogeiko zenbakia barne hartzen eta, horrela, (4. ohar. arab.) hogei gizaki horien existitzeko bai eta, ondorioz, horietako bakoitzaren existitzeko kausa aurkitu behar da, baitezpada, bakoitzetik landa.